Esta web utiliza solamente cookies propias, necesarias para la navegación Aurrera

Ezagutza transferitzeko proiektuak

Zer da ezagutza transferitzeko proiektua?

Kontratu horren bidez, EHUko irakasle batek edo gehiagok gizarteko kanpoko eragile bati zerbitzua (aholkularitza, ikerketa, kontsultoria) emateko konpromisoa hartzen du edo dute bere/n gain. Kanpoko erakunde hori erakunde publikoa, enpresa, elkartea, jabekideen komunitatea, partikular bat edo gehiago… izan daiteke.

Nork har dezake parte?

Bere JAPan (Jardun Akademikoaren Planean) ikerketara/transferentziara bideratzeko denbora esleituta duen eta lanaldi osoko kontratua duen EHUko edozein IIPk (Irakaskuntzako eta Ikerketako Pertsonala).

Hor sartzen dira, besteak beste, irakasle ondokoak, agregatuak, osokoak, titularrak, katedradunak, unibertsitateko laneko bitartekoak eta lanaldi osorako kontratatutako beste langile batzuk.

Horrez gain, EHUko taldearekin batera, honako hauek ere parte hartzea jasotzen du: ikasleak hezkuntza arloko lankidetza-erregimenean, azpikontratatutako enpresak, autonomoak, beste unibertsitate batzuetako laguntzaileak eta abar.

Zer transferentzia-proiektu daude?

Era askotako kasuak daude, baina hauek dira proiektu mota ohikoenetako batzuk:

  • Txostenak, ebaluazioak, plangintzak eta antzekoak egitea.
  • Ad hoc ikerketak.
  • Aholkularitza teknikoko edo profesionaleko zerbitzuak esparru jakin (juridikoa, zientifikoa…) batean.
  • I+G proiektuak ziurtatzea.
  • Perituaren txostenak.
  • Prototipoak, diseinuak edo produktuak garatzea.
  • Ikastaroak eta prestakuntzako beste ekintza batzuk.
  • Ekitaldiak, kongresuak edo antekoak antolatzea.

EHUko langileen gaitasunen edo ezagutzen bidez estal daitekeen kanpoko erakunde baten edozein behar transferentzia-proiektu bihur daiteke.

Nola egiten da ezagutza transferitzeko proiektu bat?

Proiektuaren arduraduna den irakaslea unibertsitateko ezagutza adituan interesa duen kanpoko eragilearekin harremanetan jarri eta zerbitzuaren parametroak adosten ditu, honako hauek barne: proiektuaren ezaugarriak, parte hartuko duen taldea eta beharrezko finantzaketa.

Ondoren, irakasle horrek Euskoiker Fundazioaren moduko izapidetze-erakunde batera jo eta proiektuaren ezaugarriak azaltzen dizkio. Euskoiker Fundazioa arduratzen da proiektuaren administrazio-kudeaketa osoa egiteaz, kanpoko erakundearekin harremanetan jartzen da eta zerbitzuak eskaintzeko eskaintza edo kontratua idazten du. Akordio hori kanpoko erakundeak onartu eta alderdi guztiek sinatu beharko dute.

Era berean, Euskoiker Fundazioa arduratzen da kudeaketa-lan ekonomiko osoaz, kanpoko erakundeari fakturatzeaz, zenbatekoak kobratzeaz eta finantzaketa hori proiektuaren helburuen esku jartzeaz.

Ezagutza transferitzeko kontratuak izapidetzeko modu bat baino gehiago daude?

Bi bide ofizial daude.Euskoiker Fundazioa arduratzen da kontratu horiek izapidetzeaz eta EHUko irakasleen eta enpresa edo erakundeen arteko kudeaketak bizkortzeaz. 1979an sortu zenetik ari da lan hori egiten eta honako hauek dira bere patronoak: EHU, hiru foru-aldundiak eta merkataritzako hiru ganberak (Bilbo, Gipuzkoa eta Araba).

Beste aukera bat izan ohi da EHUren IEEB (Ikerketaren Emaitzak Eskualdatzeko Bulegoa) bidez izapidetzea.

Bi bideek legezko araudi bera aplikatzen dute eta kudeaketa-gastuen kostu berbera dute.

Zein da Euskoiker Fundazioaren balio-proposamena?

Euskoiker Fundazioaren helburua zerbitzua ematea da eta, ahal den neurrian, kontratu horiei lotutako izapidetzeak arindu nahi ditu EHUko langileei aholkularitza emanda eta egin behar dituen kudeaketa-lanak ahalik eta gehien mugatuta.Fundazioaren ustez, ikerlariaren denborak balio-ekarpen handiena egiten duen tokia, hain zuzen ere, bere postuari dagozkion funtzioetan egon ohi da.Euskoiker arduratzen da kudeaketarekin lotutako guztiaz.

Gure balioak dira malgutasuna, bizkortasuna, eragingarritasuna, tratu-gertutasuna eta arazoak konpontzeko nahia.

Zertan gasta daitezke ezagutza transferitzeko proiektu baten funtsak?

Proiektuaren funtsak, besteak beste, honako hauetarako erabil daitezke:

  • -        Proiektua garatzeko beharrezkoa den edozein material (inbentariagarria izan ala ez) erosteko.
  • -        Beharrezkoa den edozein kanpoko zerbitzu kontratatzeko (enpresei, autonomoei eta abar).
  • -        Proiektuko kideei dietak edo bidaia-gastuak ordaintzeko.
  • -        Proiektu horri atxikitako langileak kontratatzeko (lan-kontratua).
  • -        Barneratutako irakasleen lana ordaintzeko unibertsitateko nomina bidez egindako ordainketekin.

Ezagutza transferitzeko proiektu baten funtsak erabilgarri izateko garaian malgutasun handia dago. Ez dago, adibidez, ikerketako beste proiektu batzuetan egon ohi den atal hermetikorik (inbentariagarria, langileak, suntsigarriak…).Proiektuaren dirua itundutako jarduera garatzeko egokitzat jotako eran bana daiteke.

Eskatutako edo esleitutako zenbatekoak justifikatzea eskatzen duen edozein deialdi espezifikoren eta/edo diru-laguntzen kasuan bakarrik egoten da malgutasuna mugatuta.

Proiektuak kanpoko erakundeari fakturatutako funtsen % 100 erabili ahal izango al du?

Kanpoko proiektu guztien kasuan, EHUk berdin jarduten du: fakturatutako zenbatekoaren % 15 atxiki egiten da kudeaketa-gastuetarako.Horrekin lotuta, gogoan izan behar da beren lanaldiaren zati bat (ikerketarekin eta kudeaketarekin lotutakoa) jarduera horiek egitera bideratzen duten EHUok langileak direla.

Euskoiker bidez izapidetutako proiektuen kasuan, honela banatzen da % 15 hori:

  • % 5 Euskoiker Fundazioak jasotzen du.
  • % 5 Proiektuaren ikerlari nagusiaren EHUko sailari ematen zaio.
  • % 5 EHUko zerbitzu orokorrek jasotzen dute.

Ba al dago norbaitek bere nominan transferentzia-proiektuetatik eratorrita jaso dezakeenarekiko mugarik?

Bai; muga batzuk daude.

  • Lanaldi partzialeko lan-kontratua duten langileek ezingo dute kontzeptu horrengatik nominarekiko zenbateko osagarririk jaso; izan ere, ikerketara bideratutako haien dedikazioa beren lanen baitan dagoela ulertzen da.Langile autonomo gisa transferentzia-proiektu batean parte hartu ahal izango lukete, baina ez EHUko langile gisa. Ondorioz, eskainitako zerbitzuengatik dagokion faktura igorri beharko lukete.
  • EHUk ezagutzaren transferentzia-proiektuekin lotuta nominan kobra dezaketen urteko gehieneko zenbatekoak ditu ezarrita.Urtero berrikusten dira zenbateko zehatzak. Hala, urte osoan kontratatutako proiektu guztiak direla eta azken urtean nominan jaso daitekeen gehieneko zenbateko gordina 127.127,00 €-koa da.
  • Proiektu bakarrarekin lotutako kontratua dela eta jaso daitekeen gehieneko zenbatekoa, gaur egun, 15.713,00 €-koa da.
  • Zenbateko horren gainetik, EHUk atxikitzen du gehiegizko zenbatekoaren % 25.Irakasle batek, esate baterako, 30.000,00 € jaso nahi badu, benetan jasoko duen zenbatekoa honako hau izango da: 15.713,00 + 0,75 x (30.000,00 – 16.460,00) = 26.428,25 €.
Harremanetarako Dokumentazioa