Esta web utiliza solamente cookies propias, necesarias para la navegación Aurrera

  • Email-en bidez bidali 
  • Facebook-en zabaldu 
  • Twitter-en zabaldu 
  • Meneame-n zabaldu 
  • Delicious-en zabaldu   

I+G+b egitasmoak egiaztatzen dituzten adituak behar dira

01/09/2015

Adituak I+D+i

Ezagutzaren transferentziarekin lotutako jardueraren bat egin nahi duzu, baina ez dakizu nondik hasi? I+G+b enpresa ziurtatzaileak etengabe ari dira area espezifikotako adituak bilatzen, eta haien datu-baseetan sartzea modu erakargarria izan daiteke mota horretako lanak egiten hasteko. Kontatuko dizugu nola funtzionatzen duen.

Ikerkuntza, garapen eta berrikuntzako jarduerek aldeko tratamendu fiskalak dituzte, eta enpresei aukera ematen die jarduera horietan egindako gastuen ehuneko bat kentzeko. Baina, jarduera bat kategoria horretakoa izan dadin, kanpoko enpresa batek ziurtatu behar du jarduera horiek, hain zuzen, ikerkuntza, garapen edo berrikuntzakoak direla, eta horretarako ebaluazio-protokolo zehatz bat jarraitzen dute. Protokolo horrek eskatzen du ezagutza-esparru espezifikoko aditu batek (UNESCO kodeak definituta) ebaluazioan parte hartzea.

Aditua

Adituaren figura (ziurtatzeen argotean “6D”, “sei digitu” edo "aditu teknikoa" ere deitzen zaio) arduratzen da, nagusiki, adierazten zer elementuk dakarkion berrikuntza esparru horretako ezagutzari, noraino heltzen diren berrikuntza horiek eta abar. Horretarako, kenkari fiskal bat eskuratu nahi duen enpresak memoria bat bidali behar dio, aurretik ziurtatze-kalitatearen filtroak pasatu behar dituen memoria. Haren lana da, hainbat formulariotan eta protokolo espezifiko bat jarraituta, egindako jardueren jatorriari buruzko hainbat galderari erantzutea.Normalen 10 eguneko epea izaten dute erantzuteko.

Ezagutza-esparru zehatz bateko aditu izateko, esparru horretako egitasmoetan parte hartu behar izan duzu, gutxienez, bi urteko denbora-tartean, azken bost urteetan. Berrikuntza-aukera eskaintzen duten esparruak askotarikoak izanik (teknologikoak, biomedikuntzakoak, matematikakoak), ziurtatzaileek zientzia-alor guztietako adituen datu-base zabalak behar dituzte. Haiek arduratzen dira adituei laguntzeaz eta haiek prestatzeaz; ebaluazioa egiten dute; zalantzak argitzen dituzte, eta argi eta garbi azaltzen dute urrats bakoitzean zer eskatzen den. Hortaz, adituak ezagutza-esparruan duen esperientzia balioetsiko da, prozeduraren ezagutza espezifikoak gerora eskura baitaitezke.

José Antonio González Marcos Ingeniaritza Kimikoko departamentuko irakaslea da, eta esperientzia du aditu-lanak egiten. Haren esanetan, “adituaren lana ez da ikertzaileek aldizkari zientifikoetako artikuluak berrikustean edo ikerkuntza-egitasmoak ebaluatzean egiten duten lanaz oso bestelakoa; gainera, kasu honetan, egindako lanarengatik enpresa ziurtatzaileak ordainsaria ematen dio”.

Interesgarria? Eskuratu Informazio gehiago

Jarduera mota horrekiko interesik baldin baduzu eta “6D" aditu gisa lan egin ahal izango zenukeela uste baduzu, behar bada, ziurtatzaileen webguneetan sar zaitezke: DNV  (kontaktua: Mirian Rodríguez) edo EQA (kontaktua: Paz Blazquez). Gurekin harremanetan ere jar zaitezke Euskoiker fundazioa (944 795 688), eta orientabidea eskainiko dizugu esparru horretan irekitzen diren aukerei buruz.

Harremanetarako