Esta web utiliza solamente cookies propias, necesarias para la navegación Aurrera

  • Email-en bidez bidali 
  • Facebook-en zabaldu 
  • Twitter-en zabaldu 
  • Meneame-n zabaldu 
  • Delicious-en zabaldu   

Itsasorratz magnetiko zehatzagoak itsasontzientzat

03/09/2015

Aitor y Jokin frente al compás del Allure of the Seas - Barcelona, Mayo 2015

Aitor Martinez eta Josu Arribalzaga, EHUko Nautika eta Itsasontzi-makineria Goi Eskola Teknikoko irakasleak, tematuta daude itsasontzi guztiek dituzten itsasorratz magistralak gero eta zehatzagoak izan daitezen. Horretarako, Compass Adjuster Worldwide deituriko egitasmoa sustatzen ari dira. Doiketan aritzen diren profesionalak batzen ditu, eta tresna horien errorea, denbora errealean, itsasontzia nabigatzen ari den bitartean, zehazteko patentea garatu dute.

Itsasontziek, egun, bi sistema dituzte benetako norabidea eskuratzeko (girokonpas eta satelite bidezkoa). Baina, ezbeharren bat edo akats elektronikoren bat gertatuko balitz, norabidea modu tradizionalean eskura daiteke, itsasorratz magnetikoaren (iparrorratzaren antzekoa) eta Archibald Smith matematikari ingelesak, XVIII. mendean, garatutako kalkulu-sistemaren bidez. Itsasontzi guztiek eduki behar dute, legeak hala aginduta, araututako itsasorratz bat behar bezala konpentsatuta. Sistema horren abantaila da ontziko elektronika guztiak huts egitean erabil daitekeela; aldiz, eragozpena, eskuz konpentsatu behar dela aldizka.

Aldian-aldian egin beharreko doiketa, kapitainak egin dezakeen arren, normalean kanpoko espezialistek egiten dute, lan konplexua baita. Aitor eta Josuk Euskoikerren bitartez eskaintzen dute zerbitzu hori, unibertsitate eta enpresaren arteko ezagutza transferentziazko jarduera gisa. Zerbitzu hori ontzi txiki nahiz handiek behar dute. Urte honetako maiatzean, esaterako, Jokin Alberdiren lankidetzarekin, hainbat itsasorratz magnetiko konpentsatu eta ziurtatu dituzte, besteak beste, Amarradores Puerto de Bilbaoko “Txinbito” ezaguna eta Royal Caribbean-ko “Allure of the Seas”, munduko transatlantiko handiena. Azken hori konpentsatzeko, beharrezko maniobrak egiteko ordu eta erdi baino gehiago behar izan zuten Civitavecchia-ra joateko Bartzelonako Portutik atera zenean.

“Itsasorratz Magnetiko Integral” patentea

Zerbitzu hori eskaintzearekin ase ez, eta EHUko irakasleek “Itsasorratz Magnetiko Integral” patentea lizentziatu dute, eta itsasontzia nabigatzen ari den bitartean itsasorratzaren desfaseak erregistratzen dituen software bat garatu dute. Hala ere, mundu guztiko konpentsatzaileen lasaitasunerako, horrek ez du saihesten aldian-aldian langile ziurtatzaileek egin beharreko eskuko doitzea, baina aurreztu egiten dira denbora, erregaia, portuko tarifak, amarratzaileak, portu-pilotuak eta atoiontziak, besteak beste, nabigatu bitartean konpentsaziorako beharrezko datuak jasotzen baititu. “Bi ordu galtzen baldin badituzu atera aurretik konpentsazio on bat egiteko maniobrekin" esaten zigun Josuk, "erregai gehiago behar duzu eta makinari egur gehiago eman behar zaio IDEa (iristeko denbora estimatua) betetzeko. Diru hori konpainiak jarri behar du, beraz, gure sistemaren bidez dezente aurrez daiteke”.

Egun, Autonautic Instrumental enpresak du EHUko patente horren lizentzia, eta Ritmas Informática-ko Ricardo López da aplikazio-garapenaren arduradun informatikoa, Aitor eta Josurekin lankidetzan. Patente hori produktu komertzial bilakatzea da helburua, eta urteen poderioz, estandar bilakatzea itsasontzien itsasorratz magnetikoaren ekipo osagarri gisa.

Villa de Portugalete

Oraingoz, ekipoak Amarradores Puerto de Bilbaoren “Villa de Portugalete” ontzian daude instalatuta, froga eta hobekuntzekin jarraitu ahal izateko. Aurretik Trasmediterranea konpainiako (Acciona) “Sorolla” ontzian egon ziren, Renave-ren “Cambrils” atoiontzian, “Ibaizabal” ontzi-enpresan eta CSICen (Ikerkuntza Zientifikoen Goi-mailako Zentroa) itsasontzi ozeanografikoan.

Konpentsazioan aditu diren profesionalen foroa

Servicios remotos de Compass Adjuster WorldwideGainera, denbora errealeko datuekin sistema osatzeko, Aitor eta Josuk Compass Adjuster Worldwide egitasmoa sortu zuten: itsasorratz magistralak konpentsatzen profesionalak direnentzako foro bat. Egitasmoak hainbat asmotarako balio du. Alde batetik, plataformak aukera ematen du kapitain eta pilotuei distantziara laguntzeko. Bestetik, delako portuan dagoen tokiko profesionalari egokitzen zaio konpentsazioa egitea.

Gainera ikertzaileentzako alderdi interesgarriena izango da, behar bada, foro honen bidez datuak jasotzen dituztela itsasorratzen ibilera, denboran zehar, ikertu ahal izateko. Bai Aitor eta bai Josu 19 eta 15 urte (hurrenez hurren) aritu ziren ofizial gisa merkataritzako ontzidietan EHUn eskolak ematen hasi aurretik. Aurreko esperientzia hori erabakigarria izan da egitasmo hauek garatzeko. Aitorrek hamabigarren ikasturtea hasi behar du EHUn irakasle, eta Josuk, bosgarrena. Bientzat, mundu profesionalarekin harremana funtsezkoa da unibertsitatearentzat, eta Aitorrek, hain zuzen, honako hau azaldu zigun: “ikasleei ikusarazten saiatzen gara ikerkuntzan ere badela mundu profesionala, titulazio bat eskuratzea eta nabigatzaile gisa trebetasuna eskaintzea baino haratago”.

Harremanetarako