Esta web utiliza solamente cookies propias, necesarias para la navegación Aurrera

  • Email-en bidez bidali 
  • Facebook-en zabaldu 
  • Twitter-en zabaldu 
  • Meneame-n zabaldu 
  • Delicious-en zabaldu   

Psikiatrian erabiltzeko sentsore berrien prototipoa

02/06/2016


Javier Ortíz Álvarez-Cienfuegos eta Manuel Sanchez Moronta irakasle eta ikertzaileek prototipo elektronikoak diseinatzen dituzte UPV/EHUko Teknologia Elektronikoa Sailean. Biologiak eta elektronikak bat egiten duten eremuen inguruan garatu da beren lan ildoa.

Burmuin institutuaren eskutik etorri da beren azken proiektuetako bat. Burmuineko gaitzetan aditua den mediku-zentroa da Burmuin institutua, eta ikuspegi integraletik jorratzen du bertako pazienteen osaketa. Ikuspegi horrek, zenbaitetan, erlaxazioari bideratutako ariketak eta jarduerak egitea dakar. Jarduera mota horietan bilakaerak kontrolatzea, ordea, ez da eginkizun erraza izaten, eta horregatik sortu dute institutu barruan Biofeedback Neurofeedback Basque Center deitutako zentroa.

Diseinuaren prozesua

Zentro horretako adituek diseinatu zituzten UPV/EHUko taldeak landu dituen espezifikazioak: pultsera leuna eta bistara atsegina izango zena nahi zuten, aipatutako erlaxazio ariketetan parte hartzen duten pazienteen egoera emozionala monitorizatzeko xedez diseinatutakoa. Sentsoreak paziente bakoitzaren bilakaera zein den jakitea ahalbidetuko luke, eta tratamendua feedbackaren arabera egokitzea. Buruan xede hori zutela, Javierren taldeak lanari ekin zion azalaren erantzun galbanikoaren aldaera tonikoak erregistratuko zituen pultsera prototipoa diseinatzeko. Asaldura emozional biziak ditugunean (beldurra, hira, antsietatea…), izerdi-guruinek gure larruazala hezetzen dute, elektrizitatearekiko iragazkorragoa eginez. Gure gorputzean modu estrategikoan jarritako elektrodoen bidez neur daiteke fenomeno hori. Iparramerikako telesailetan maiz agertzen den poligrafoak erabiltzen duen teknologia berbera da.

Era berean, pultserak bihotz-erritmoa eta horren aldaerak erregistratzen ditu fotosentsore baten bitartez. Bestetik, Bluetooth komunikazio-sistema ere badauka, eta Windows ordenagailu batera edo Android mugikor batera bidaltzen ditu jasotako datuak. Javierren taldeak garatuko ditu bai prototipoaren hardwareak zein firmwareak, bai hori erabiltzeko aplikazioak (softwarea), José Luis Malainaren (Zientzietako doktorea matematika aplikatutako espezialitatean) kanpo-laguntzarekin batera, pultserak jasotako datuak aztertzeko. Diseinuaren prozesuan, boluntario-taldeekin probatuko da prototipoa.

Ideable enpresa izango da erlaxazio ariketetan oinarritutako jolas sail bat Android eta iOS sistemetarako garatzeko arduraduna. Irudian ikus dezakezue pultseraren kanpoko diseinua, eta Mormedi enpresak egin du. Gailuak, azaldutako guztiaz gain, ekoizteko merkea izan beharko du, sentsore ugari eduki ahal izateko eskura, pertsona-taldeekin erabiltzeko xedez.

"Zer ematen dizu kanpoko enpresekin lan egiteak?"

“Ordainsaria eta aitortza alde batera utzita,” azaldu du Javierrek, “transferentzia-proiektu mota horietan parte hartzeak teknologia berriak bilatzeko eta ezartzeko indarra ematen dizu. Elektronika etengabeko bilakaeran dago, produktu eta plataforma berriak agertzen dira. Euskoikerrekin egiten dugun proiektu mota horrek berritzera eta gauza berriak ikastera bultzatzen gaitu.”

Eta bere esperientzia ikasgeletara ere iristen da. Javierren taldeak gradu amaierako lan ugari zuzendu ditu eremu horretan. Beren ikasleek elektroentzefalografoen, elektrokulografoen, espirometroen, elektrokardiografoen eta abarren prototipoak egin dituzte, eta ausartenek wearableserako diseinu elektronikoak egin dituzte, hala nola, oina nola zapaltzen dugun aztertzen duten adimendun zapatilak egin dituzte, balizko arazoak hautemateari begirakoak.

Harremanetarako