Esta web utiliza solamente cookies propias, necesarias para la navegación Aurrera

  • Email-en bidez bidali 
  • Facebook-en zabaldu 
  • Twitter-en zabaldu 
  • Meneame-n zabaldu 
  • Delicious-en zabaldu   

Sareak, euskal saregileei omenaldia

03/12/2018

Sareak - Organik - Natalia Monge

Bost antzezle ikus daitezke ozta-ozta iluntasunean, hondartza batean eserita baleude bezala, mugimendu txikiak eginez egunsentian. Argiztapenak egunaren etorri alferra iradokitzen du. Lasaitasuna, etortzekoa denaren zain. Ikuskizunak erregistro ezberdinak jorratuko ditu: sarean harrapatutako arrain baten estutasun zapaltzailea, saregileen bizitzako aldi ezberdinak eta haien zeregina edo lan egin bitartean izaten zituzten hizketaldi barregarriak. Sareak kolektibo horren unibertso emozionalera, soinudunera eta baita aldarrikatzailera ere eramaten gaituen dantza garaikideko obra bat da. Une oro, haien jardueraren objektuak berak, hots, sareek, presentzia fisiko nabarmena dute agertokian.

“Sareak emakume horien lanari egindako omenaldia da”, azaldu zuen Natalia Mogek, EHUko Musika, Plastika eta Gorputz Adierazpenaren Didaktika Saileko kide eta obraren zuzendariak. “Haien lana ez da behar bezala aitortua izan, baina, aldi berean, oso garrantzitsua izan da gure arrantza-industriaren historian. Iruditzen zitzaidan gutxi hitz egin zela haiei buruz, haien lanaren ezegonkortasunari eta beti hartarako prest egon beharrari buruz, baita haien eguneroko bizitzaren beste kontu askori buruz ere”. Kontrastez eta ironiaz beteriko obra bat da, non alderdi gutxi gelditzen diren aztertu gabe.

Sareak - Organik - Natalia Monge

Obra irailaren 21ean eta 22an estreinatu zen Kultur Leioan, eta urrian ere antzeztua izan da BAD jaialdian (Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikidearen Jaialdia). Ikerketari, sorkuntza-prozesuari eta entseguei eskainitako hiru hilabete bizi-bizitan zehar prestatu da. Eta ez da lehen aldia.  Izan ere, Organik konpainiak euskal imajinarioaren elementu ezberdinetan inspiratutako dantza garaikideko beste obra batzuk ekoitzi ditu; esate baterako, Irrintzi, Txapeldun edo Carneros. “Nire barneko kezka batetik abiatzen naiz beti”, azaldu du Nataliak, “eta nire azken sorkuntza-lanak euskal kulturaren ikono bati lotuta daude; kasu honetan, saregileei”.

Ikerketa-proiektuaren lehen partea beste edozein ikerketarenaren modukoa izan da. Hartan, eskuragarri dagoen dokumentazioa aztertu da, ikus-entzunezko dokumentalak eta dokumentu grafikoak barne hartuta. “Gero, obraren zuzendari gisa, arrantzale-herri ezberdinetara joan nintzen lehen kontaktu baterako eta, ondoren, musika-konpositorearengana jo nuen, obra inspiratuko zuen soinu-erregistroa egiteko. Elkarrizketa informal ugari egin genituen hainbat portutan, eta, horrez gain, saregileei Ondarroan lanean ari zirela egindako hainbat elkarrizketa grabatu genituen”. Itsas profesional horien adierazpen zuzenetako zenbait ikuskizunean zehar entzun daitezke.

Obra Eusko Jaurlaritzaren hainbat diru-laguntza publikori (dantza-lanen ekoizpena eta dantza-konpainiak sendotzea) eta Europar Batasunak finantzatutako Pyrenart izeneko eskualdekako garapen-egitasmoari esker ekoitzi da. Natalia zuzendariaz gain, ikuskizunean jende askok parte hartu du: bi zuzendaritza-laguntzaile, bost antzezle, musika originala sortu duen konpositore bat, argiztapen-diseinatzaile bat, diseinatzaile grafiko bat, bideo-errealizadore bat, jantzien diseinatzaile bat eta konpainiari kudeaketa-lanetan laguntzen dion pertsona bat. “Ikuskizunetako bakoitzak azkenean agertokian ikusten den emaitza lor dezan, profesional ezberdin askoren laguntza beharrezkoa da”, dio Nataliak.

Unibertsitatearekiko lotura

Nataliak Sarean obran egin duen zuzendaritza-lana Euskoikerren bitartez burutu den ezagutzaren transferentziarako proiektu batean datza. Hala, antzezpenaren mundu profesionala eta EHUko irakasle jarduna lotu ditu. “Orain Gorputz hezkuntza eta haren didaktika irakasten ari naiz”, azaldu digu. “Horretan bada Gorputz Adierazpena eta Komunikazioa izeneko eduki bloke bat. Lehen Hezkuntzan Gorputz Hezkuntza irakasten duten gehienak kirolaren alorretik datoz, beraz, esango nuke kirolaren mundua ezagutzeaz gain dantza konpainia batean gorputz adierazpenaren inguruko proiektutan lan egin duen nire profileko norbaitek irakasgaiari ikuspegi zabalagoa eskaintzen diola. Nire ikasleei beren barruan begiratzeko eta sentimenduen eta emozioen transmisioarekin, norbere buruarekiko ziurtasunarekin edo desinhibitzearekin lotutako balioak aztertzeko gonbit egiten diet, haien gorputzaren bidezko sormen-ahalmena sustatuz. Kirolarena ez bezalako ikuspegia da, horrek gorputzaren gaineko joera askoz funtzionalagoa duelako”. 

Gorputzarekiko lana kirolaren edo dantzarenaren askoz harago doa, eta gaitasun oinarrizkoak zein transbertsalagoak lantzea ahalbidetzen du. “Nire ikasleei sormena hezkuntzaren funtsezko alderdia dela eta gorputzaren bitartez ezin konta ahala aukera daudela ulertaraztea interesatzen zait”, azaldu digu Nataliak. “Gure jarduna diziplinartekoa da. Nola landu daitezke matematika edo zientzia gorputzaren bidez? Proposamen liluragarriak egiten dituzte, eta lan egiteko eremu berriak aurkitzen, elkarrengandik urruntzen diren erantzunen bilaketatik abiatuta. Hau da, ez diogu proposamenari erantzun bakar bat bilatzen, hainbat erantzun posible baizik. Hala, eskolan bideratzen dugu gaitasun hori, non haurrek libre erabaki eta sor dezaketen, bakarka zein taldean, gizarte dimentsioa ere bultzatuz".

Sareak

Bitxia da ohartzea antzekotasun ugari daudela bi arloen alderdi metodologikoen artean. “Dantza-prozesu sortzaile batean, ez diegu dantzariei esaten nola mugitu behar duten”, azaldu du Nataliak, “horren ordez, jarraibideak ematen dizkiegu, beren gorputz pentsatzaileetatik abiatuta bila dezaten eta, horrela, modu askean aurkitu ahal izan ditzaten mugimendu-gaiak. Eskolan, ikuspegi pedagogikoa oso antzekoa litzateke: haurrei marko bat eskaintzea erantzunak bilatu, aztertu eta aurki ditzaten. Nire ustez, gorputzaren bideak lagundu egiten die ikasleei hainbeste ordu eserita igarotzearen errutinarekin hausten, tentsioa askatzen, estresa bideratzen, gizarte interakzioa sustatzen eta sormen-gaitasuna garatzen”.

Azken batean, Nataliak arte eszenikoen munduan pilatutako esperientzia Hezkuntza Fakultateko irakasle-jardunean aplikatzen du modu zuzenean. Bertan, gorputzaren adierazpen eta komunikazio aukerak aztertzen eta horietan sakontzen ahalegintzen da; bi alderdiak norbere buruaren ezagutzarekin eta sozializazioarekin lotuta daude, eta biak ezinbestekoak dira hezkuntzaren arloan.

Harremanetarako Dokumentazioa