Esta web utiliza solamente cookies propias, necesarias para la navegación Aurrera

  • Email-en bidez bidali 
  • Facebook-en zabaldu 
  • Twitter-en zabaldu 
  • Meneame-n zabaldu 
  • Delicious-en zabaldu   

Unibertsitateko aditua komunikabideetan

18/05/2020

Juan José Álvarez

Newsletterraren ale honetan, Juan José Álvarez Rubiorekin, Enpresa Zuzenbidearen Saileko katedradunarekin, hitz egin dugu zenbait gairi buruz, eta hala, aztergai izan ditugu pandemia-egoerak bere ikerketa arloan (nazioarteko zuzenbide pribatua) sortzen dituen erronkak, komunikabideetan izandako lankidetza-ibilbide luzea eta unibertsitateko gaurkotasun hurbileko gai bat: transferentziako seiurtekoak.

Juan José Álvarez aditua da nazioarteko zuzenbide pribatuan. Bi terminoak, nazioarteko eta pribatua, mundu mailan pixkanaka protagonismo geopolitiko gero eta handiagoa hartu duen espazio juridiko bateko errealitatearen isla dira. Nazioarteko zuzenbide publikoa arduratzen da Estatuen arteko loturez eta gobernu arteko nazioarteko erakundeen erakunde mailako dimentsioa lantzen du; aldiz, nazioarteko zuzenbide pribatua partikularrez, pertsona fisiko eta juridikoez, enpresez arduratzen da eta haiek nabarmentzen ditu globalizazioaren testuinguruan. Zer gertatzen da ezkondutako espainiar bat eta poloniar bat Belgikan dibortziatzen direnean? Nola konpondu behar dira seme-alaben zaintzak? Zer lege-dimentsio izan behar du Frantziako enpresa batek Txinako enpresa batekin izenpetutako kontratu bat eten nahi duenean? Globalizazioak zenbat eta nazioarteko harreman gehiago eta gehiago eratu, zuzenbidearen arlo horrek orduan eta bilakaera handiagoa izan du, eta gero eta garrantzi handiagoa izan du merkataritzan eta nazioarteko harremanetan.

Koronabirusaren egungo pandemiaren erronkak

Globalizazioari esker, pertsonak, zerbitzuak, salgaiak eta kapitalak askatasun handiz mugitzen dira herrialdeen artean, legedi arloan heterogeneotasun handiarekin. COVID-19aren pandemiak fluxu ia guztiak eten ditu bat-batean.Kapitalek mugitzen jarraitzen badute ere, argi dago zerbitzuen, pertsonen eta are salgaien zirkulazioa ere askoz mugatuago dagoela. Egoera anomalo honek nazioarteko zuzenbidearen barruan ondorio ugari sortu ditu. ”Aurrekaririk gabeko nazioarteko erakunde mailako ahultasun bat bereizgarri duen nazioarteko une bat dugu aurrean,” esan zuen Juan Josék. “Estatu bakoitza bere kasa ibili da orain arte, autarkiko, bere baitan itxi da, eta aldi berean, nazioz gaindiko erakundeek, adibidez Europar Batasunak, zailtasun handiak dituzte pandemiak sortutako kaosaren aurrean erantzuteko.Non dago orain duela ez hainbeste titular guztietan ageri zen Nazioarteko Moneta Funtsa? Zergatik utzi dute Osasunaren Mundu Erakundea ia batere babesik gabe AEBren moduko herrialdeek gehien behar dugun unean? Nazioz gaindiko erakundeak ahultasun historikoa ari dira erakusten izan zitekeen garairik txarrenean; eta erakunde mailako lidergorik gabe, ez da estatu arteko lankidetzarik edo elkarlanik egongo, Estatuak elkarren artean lehiatuko dira.”

Europako gobernantza konplexua dela eta, 27 herrialdeek ados egon behar dute, eta horrek asko zailtzen du erabakiak hartzea arlo estrategikoetan, hala nola nazioarteko harremanetan edo migrazio-politiketan, besteak beste.Herrialde bakar baten desadostasuna nahikoa da integrazioa mantsotzeko. Arlo horretan, Juan Josék arlo batzuetan egindako aurrerapenak nabarmentzen ditu, batez ere Indartutako Lankidetza Araudi deitutakoekin: “Mekanismo horien atzean dagoen ideia da parte hartu nahi ez duten herrialdeek bat ez egitea, baina gainerakoen aurrerapena eragotzi gabe. Denborarekin, politika komunen onurak argiago ikusiko dira eta hasieran txertatu ez ziren herrialdeak gerora sar daitezke.Batzuetan horixe da aurrera egiteko modu bakarra. Arlo batzuetan, nekazaritza-politika komunean adibidez, ados jartzea lortu dugu, baina beste batzuetan, migrazio-politikan esaterako, ezinezkoa izan da elkarrekin jardutea. Eta horrek arazo asko dakartza.Siriako errefuxiatuen krisian edo etengabe Mediterraneoan egindako erreskateei buruz iristen zaizkigun albisteetan ditugu orain gutxiko adibideak. Agian Estatu batzuek erresistentzia erakusten badute, aukera izango litzateke araudi horien bidez aurrera egiteko politika nazionaletan integrazio handiagoa lortu nahi duten herrialdeentzat.”

Baina erakundeez harago, pandemiak lehen planora ekarri du nazioarteko zuzenbide pribatua.Enpresek ezinbestean eten behar izan dituzte nazioarteko kontratuak, eta Europako legedia betetzen ez duten ondasun akastunen hornidura ikusi dugu, beste adibide askoren artean. Gainera, funtsezko eskubideek protagonismoa dute orain, gaixotasuna zabaltzea eragozteko gai izateko helburuz gure pribatutasunaren zati bati uko egin beharko ote diogun zalantzan jartzen hasi garenean. ”Hasiera batean zuzenbidezkoa izan daitekeen arren biztanleriaren osasunerako eskubidea edo osasunerako zure eskubidea gordetzeko intimitaterako zure eskubideari uko egitea, oraingoz Europako Ministroen Kontseiluak uko horri bidea irekitzearen aurkako jarrera hartu du, datuak helburu horretarako soilik erabiliko direla bermatu ezean”, azaldu zuen Juan Josék. “Agian hori da Asiako herrialdeetan ikusi dugun moduan oraindik mugikorren bidez gaixotasunaren jarraipena ez egitearen arrazoietako bat.”

Komunikabideekin lankidetza gisako transferentzia

Gai horiek guztiak komunikabideei azaltzeak, batzuetan hain konplexuak izanik, badu meritua, baina egia esan, gaiak maiz agertzen dira komunikabideen agendan. Juan Josék 15 urte baino gehiago daramatza komunikabideekin ezagutza-transferentzien kontratuak izenpetzen eta lankidetzan. ”Gogoan dut 2004an hasi nintzela Radio Euskadirekin lankidetzan. Une hartan, Europar Batasuna zabaltzeak ekar zezakeenaren inguruko eztabaida zegoen, Europa ekialdeko eta erdialdeko estatuak txertatuta 15 herrialdez osatuta egotetik beste 10 gehitzearekin zer pasatu zitekeen. Mugikortasunarekin lotutako gaiak eztabaidatzen ziren, dumping sozialarekin lotutakoak, lan-baldintzekin… Lehen lankidetza haietatik gogoratzen dut agertu zen gaietako bat izan zela Polonia esne-ekoizle garrantzitsua izan arren, Carrefour gai zela Polonian esnea tokiko esnea baino askoz merkeago saltzeko.” Beste behin ere merkataritza eta zerbitzuak pertsonen aurretik zihoazen, abiadura desberdinetan doazen zirkulazio-askatasunak baitira.

Noizean behingo lehen lankidetza haietatik aurrera, transferentzia-kontratuak sortu ziren, zenbait komunikabiderekin modu ordenatuagoan eta aldizka lankidetzan jarduteko, zuzenbidearekin lotutako gaiak lantzera bideratutako atal finkoetan. Komunikabideetarako lankidetzan lan egiteak laguntzen du norbere mugez jabetzen. Nire lankideetako batzuen ustez bikaintasuna elitismoa da. Zorroztasunez foro zientifikoetan soilik hitz egin baliteke bezala da; noski, oso garrantzitsuak dira eta akademikook dagozkigun ikerketa-gaiei buruz eztabaidatzen dugu horietan, baina gizarteari, oro har, bideratutako dibulgazioa funtsezkoa da teknikoki konplexuak diren gaiak herritar arruntari gerturatzeko. Eta uste irmoa dut guk, unibertsitate publiko gisa, pedagogia sozialaren funtzio hori egin behar dugula.”

Gaur egun, Juan Josék EiTB Taldearekin eta Onda Vasca-rekin lankidetzan dihardu irrati eta ikus-entzunezko arloan, eta Noticias taldearekin (Deia, Noticias de Gipuzkoa, Diario Noticias de Álava…) eta Vocento-rekin (El Correo, Diario Vasco…) inprimatutako komunikabideetan. Horiekin guztiekin, asteroko edo hamabostean behingo lankidetzak ditu. “Nik neronek, nahiago dut irratia,” baieztatu zuen Juan Josék, “telebistarekin alderatuta hausnarketarako intimitatea eskaintzen baitu, eta edukia sortzeko idatzizkoak baino denbora gutxiago eskatzen baitu, idatzizkoa egiteko diseinatu, idatzi, egin eta zorroztu egin behar baita astero artikulu bat edo bi.” 

Adituek komunikabideetan balio gehigarria ematen dute informazio edo albiste hutsaren aurrean. Izan ere, agentziatik datorren informazio edo albiste horrek, funtsean, gertakariak izaten ditu, testuingururik eta garapenik gabe. ”Nire ustez, gaur egun informazio aseptikoa ez da nahikoa ikuslea, entzulea edo irakurlea erakartzeko. Adituak informazio teknikoaren gehigarria ematen saiatzen dira, publiko orokorrak ulertu ahal izateko moduan. Kazetarien lanarekiko miresmen handia dut, eta ez nuke jakingo, adibidez, Lourdes Pérezek Diálogos del Boulevard saioan egiten zuena egiten, edo aipatu beharrekoak dira Radio Euskadin Dani Álvarezek edo Onda Vascan Javier Vizcaínok duten profesionaltasun itzela. Guk egindako ekarpena gai oso zehatzetara mugatuta dago, eta espazio oso mugatuan.Informazioaren profesionalen lan bikainaren osagarri gara, baina uste dut gure optika ere oso interesgarria dela ikus-entzuleentzat.”

Ezagutzaren transferentziaren seiurtekoak 

Juan Joséri komunikabideetan lankidetzan jarduteak zer eman dion galdetutakoan, beti aipatzen du umiltasun puntu hori, hizkera juridiko hori guztia jaitsi eta kontzeptuak publiko orokorrarentzat ulergarri izan daitezen beharrezkoa dena.Bere kasuan, gustatzen zaion kontua da, baina ez da horrela denentzat, eta hori ere errespetatu behar da.

Jarduera horretan izan dezakeen asebetetze pertsonalaz gain, hala ere, dibulgazio-lanek gero eta aitorpen handiagoa dute karrera akademikoan. Joan den ostegunean, apirilaren 23an, ANECA hasi zen transferentziaren seiurtekoen lehen deialdi honetan ebaluazioen bigarren txandako emaitzak jakinarazten (lehen txanda askoz urriagoa izan zen Eguberrietan). Haiek argitaratu dituzten datuen arabera, orain arte aldeko ebazpena izan dutenen batezbestekoa % 44,1ekoa izan da, eta EHUren komunitatearen ehunekoa oso antzekoa da (% 43,7). Espero da etorkizuneko deialdietan seiurteko horietara ikerlari askoz gehiago animatuko direla aurkeztera.

Ebaluazioaren bigarren txanda honetan albiste onak jaso dituztenetako bat izan da Juan José: “transferentziaren seiurtekoa eman berri didate, ikerketaren laurei gehitu behar diet.Konfinamenduaren erdian ilusioa egiten duen albistea da”, esan zigun pozez. “CNEAIk balorazio positiboa egin du komunikabideetan dibulgatzaile gisa emandako urtetako lanaren inguruan, argitalpen, kongresu eta ikerketa-taldeen sorrera/koordinazioaren bidez ezagutza transferitzeko egindako beste lan batzuekin batera. Lankidetza horietako asko Euskoikerrekin izapidetu ditut. Beti izan du kudeaketa eraginkorra, profesional eta gertukoa..”

Harremanetarako