Esta web utiliza solamente cookies propias, necesarias para la navegación Aurrera

  • Email-en bidez bidali 
  • Facebook-en zabaldu 
  • Twitter-en zabaldu 
  • Meneame-n zabaldu 
  • Delicious-en zabaldu   

Zinemaren kultura jendarteratuz

03/06/2016

Iratxe Fresneda UPV/EHUko Ikus-entzunezko Komunikazio eta Publizitate Saileko irakasle eta ikertzailea da. Bere denboraren zati handia eskaintzen dio komunikabideekin kolaboratzeari eta ikertzen dituen gaiak dibulgatzeko hitzaldiak antolatzeari. Bere ustez, gainera, jarduera horiek funtsezkoak dira irakasle-lana garatzeko.

Iratxe Nordic Noirean eta ikus-entzunezko sistema eskandinaviarrean dago espezializatuta. “Emakumeen estereotipoak Lars von Trier-en lan zinematografikoan” izan zen bere doktore tesia. Europako iparraldean telesailen inguruan (hala nola, The Bridge, The Killing, Borgen, Wallander…) sortu den telebista-sarea ikertu du, ospea hartu baitute eta, gero, beste herrialde batzuetara esportatu. Horien edukia aztertu du, produkzio sistemak ikertu ditu, erakusten dituzten estereotipoak sailkatu ditu… Hortik abiatuta, horrekin zerikusia duten gai ugari ikertu ditu: autore espezifikoen lana, nobela beltza, zineman agertzen diren emakumeen estereotipoak, nazioarteko zinema jaialdiak… “18 urte daramatzat jaialdietara joaten eta ikerketari ordu asko ematen”, kontatu digu, “lan horrek zentzua dauka bakar-bakarrik gizartearekin parkatu badezaket gero, bai hedabideen bidez, bai dibulgazio-hitzaldien bidez

UPV/EHUko irakasleak EiTB taldeko hedabideekin kolaboratu ohi du, besteak beste, Euskadi Irratia, Radio Euskadi edo ETB1ekin, Azpimarra, Faktoria, Arratsaldekoa, Hiri Gorrian, Finlandia... bezalako saioetan. Horietan, gizarte orokorrari bideratutako dibulgazio-hizkerarekin helarazten ditu bere ikerketetako emaitzak. Edukia ikus-entzule guztientzat atsegin egitea da kontua, zinemaren kultura ematearekin bat.

Bestalde, “master class” deiturikoetan edo gai zehatz baten inguruko dibulgazio-saioetan ere egiten ditu zabalpen jarduerak. Eremu horren barruan, esaterako, 2016ko apirilean aurkeztu zuen “Elkarrizketak literaturarekin” saioa aipa dezakegu. Iratxek aurkeztu eta moderatu zuen Bidebarrieta Kulturguneak antolatutako saio bat, Jon Alonsok eta Jon Arretxek nobela beltzaren bilakaerari buruz hitz egiteko hartu baitzuten parte bertan; hots, irakaslearen ikerketako ildoak bete-betean ukitzen dituen gaia jorratu baitzen.

Lan mota horiez gain, Iratxek Gasteizko Udala bezalako erakundeei eman die aholku barne erabilerarako komunikazio protokoloak egiteko orduan. Erakundeen irudiaren erabilera publikoak aurretiko hausnarketa behar du, batez ere berdintasunarekin zerikusia duen alderdi orotan. Unibertsitateak ikuspegi akademikoagoa eta burutsuagoa eskain dezake, egunerokotasunean erabakiak hartu behar dituztenen lana errazteko ekintza-protokoloak garatzea ahalbidetze aldera.

“Unibertsitatean egiten duguna publiko zabalari, gizarte orokorrari interesatzen zaiola ikustea gustatzen zait”, adierazi digu Iratxek, “nire lana jendarteratzen ari dela ikusten dudalako, ez delako aldizkari akademikoetan geratzen.” Era berean adierazi du dibulgazio-ekintzak ez direla beti bateragarriak izaten irakaskuntza edo ikerketa biziko aldietan, eta unibertsitateko curriculumean ez dituztela behar beste baloratzen, baina “kolaborazioaren zenbatekoa txikia izan arren, Euskoikerren bidez izapidetzen duzunean, behintzat, erregistratuta geratzen da denboran zehar egin duzun hori. Urtearen akaberan, jarduera txiki askoren gehiketa lan ordu asko dira.”

Harremanetarako